Gizarte Antropologiako irakaslea izan naiz Euskal Herriko Unibertsitateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean 2013an erretiroa hartu arte. 2017ko maiatzera arte sail honetan lanean jarraitu dut Ohorezko Kolaboratzaile moduan.

Nire ikerketa ibilbidea 1981. urtean hasi zen Euskal Herrian emakumeen egoeraren inguruko ikerketa batekin, Teresa del Valle-ren gidaritzapean. Lan horren emaitzak Mujer Vasca. Imagen y Realidad (Barcelona: Anthropos, 1985) liburuan publikatu ziren. Ikerketa hau eta Mugimendu Feministan izandako militantzia izan dira abiapuntua nire ondorengo jarduera guztian nagusitu den Antropologia Feminista eta Generokoaren ikuspegian.

Nire Doktoretza Tesia, Relaciones de Género en Donostialdea y en la Ribera de Navarra. Actividad Laboral y Cambio, UPV/EHU-n defendatu nuen 1993an. Ondorengo ikerketak, banakako nahiz taldekoak, honako gai hauekin erlazionatuak egon dira: boterea, aldaketa, sozializazio prozesuak, figura mitologikoak, berdintasun eskaerekin erlazionatutako gatazkak eta kirola.

Jarduera akademikoaren baitan, nire karrerako bi momentu ezberdinetan Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Dekanorde bezala izandako parte hartzea azpimarratuko nuke. Baita CEGA-n (Comisión Estatal del Grado de Antropología) izandako partaidetza ere. Komisio hau 2004. urtean sortu zen hamahiru unibertsitateren artean Antropologia Gradua lortzeko eta diziplina profesionalizatzeko helburuarekin; indarrean dagoena oraindik ere. Azkenik, 1980. urtetik hiru urtero FAAEE-k (Federación de Asociaciones de Antropología del Estado Español) antolatzen duen Antropologia Kongresuen eremuan Antropologia Feminista eta Generokoa lantzen zuten hainbat sinposio koordinatu ditut zenbait kiderekin batera.