Gizarte Antropologian graduatua EHUn eta “Ikasketa Feministak eta generokoak” masterra burutua.

Ibilbide profesional luzea (1994. urtetik aurrera) garatu du haur eta gazteen heziketarako programetan, mota ezberdinetako lanak burutuz: kale antzerkia haurrentzat, telebistako haur saioen produkzio lana, ipuin kontalaritza, irakurketa sustatzeko programak, udalekuak, aisialdi zerbitzuen antolaketa eta kudeaketa, aisialdiko begiraleen formazioan…

Ibilbide horretan heziketa, jolasa eta hizkuntza uztartzen dituzten egitasmoetan aritu da esku-hartze programa, argitalpen, hitzaldi, formazio eta ikerketa eginez. Arlo horretan, besteak beste, lan hauek argitaratu ditu: “Erabileraren GPSa: Gazteen hizkuntza erabileran kokatu eta bertan esku-hartzeko gida” (2011) eta “Hezitzaileen prestakuntza eskola orduetatik kanpoko esparruan” (2007).

Une honetan ikerketa lana egiten du: Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean doktoregai da, Eusko Jaurlaritzaren doktoretza-aurreko beka baten bidez, eta AFIT-eko (Antropologia Feminista Ikerketa Taldea) kidea da. Lan esparru horretan azken bi urtetan ikerketa hauetan parte hartu du: “D ereduko kirola: ikerketa-ekintza proiektua” (2016), ”Gu gazteok: 12-14 urteko gazteen hizkuntza egunerokotasunera hurbiltzeko ikerketa partehartzailea” (2016) eta “Maitasun deserosoak. Euskal Herriko zenbait gizonen bizipenak eta gogoetak” (2015).

Azken argitalpenak:

Altuna, Jaime (2017) “Genero identitatearen hizkuntza jokoa. Hurbiltze etnografikoa nerabeen hizkuntza-praktiketara” in BAT Soziolinguistika aldizkaria 104:139-157.

Hernandez, Jone M. eta Altuna, Jaime (2017) “Gazteak euskararen jolastokian” in Goirigoilzarri, Jone, Landabidea, Xabier eta Manterola, Ibon (koord.) Euskararen biziberritzea. Marko, diskurtso eta praktika berriak birpentsatzen. Bilbo: UEU

Altuna, Jaime (2016) “Euskara generoaren ispiluan barrena. Hizkuntza praktikak, bizipenak eta gogoetak Lezo eta Pasai Donibaneko nerabeen artean”. Ikasketa Feministak eta Generokoak Unibertsitate Master Amaierako Lana. UPV/EHU.

Altuna, Jaime (2016) “Maite kontuak: gizonen hausnarketak eta bizipenak amodioaz” in Esteban, Mari Luz eta Hernández, Jone M. (koord.) Etnografia feministak Euskal Herrian. XXI. mendera begira dagoen antropología. Bilbo:UPV/EHU eta UEU.

Altuna, Jaime (2015) “Euskara pasilloetan galduta. Praktiken aldaketak eta hizkuntz mudantzak nerabezaroan” in BAT Soziolinguistika aldizkaria 97:39-65. (2015, VII Euskal Soziolinguistika Sarian bigarren saria).