Margaret Bullen (Nedging, Suffolk, Erresuma Batua, 1964). 1991. urtetik Euskal Herrian bizi den antropologo feminista da eta Gizarte Antropologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean 2005. urtetik. Egun, Practicum-eko Dekanordea da Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean. Filologia Hispanikoan eta Frantsesean lizentziatua da (University of Bristol, UK, 1987) eta Filosofian doktorea (Gizarte Antropologia) (University of Liverpool, UK, 1991). Tesia unibertsitate honetako Institute of Latin American Studies-en gauzatu zuen Arequipa-ko (Peru) herri gazteetako aldaketa kultural eta sozioekonomikoen eta migrazio andetarren inguruan.

Migrazioan, identitatean, hizkuntzan eta aldaketan izandako interesa iraunkorra izan da bere ikerketan eta hauei sistema sinboliko eta generokoei zuzendutako genero ikuspegia gehitzen zaie. Azken urteetan ikerketa ildo nagusia Gipuzkoako zenbait erritualetan emandako aldaketen ondorioz sortutako gatazken ingurukoa izan da. Hauen artean, nagusiki Hondarribiko eta Irungo Alardeetan emakumeen parte hartzearen harira sortutako polemika aztertu du, baina baita beste leku batzuetako jai-erritualak ere, hala nola, Antzuolako Mairuen Alardea eta Donostiako Danborrada. Lan honen erakusgarri da Tristes espectáculos: las mujeres y los Alardes de Irun y Hondarribia (2003). Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko (AFIT) kide gisa Continuidades, conflictos y ruptura frente a la desigualdad: relaciones de género y prácticas corporales y emocionales en las/os jóvenes vascos proiektuan parte hartu zuen.

Bullen-ek interes berezia du antropologia aplikatuan eta 2012. urtean Farapi elkartearen sorreraren parte izan zen, ildo hau jarraitzen duen lehen euskal aholkularitza-enpresa. Farapi eta beste hainbat entitaterekin kolaboratzen du genero biolentziarekin (La violencia contra las mujeres y sus causas en Gipuzkoa, Gipuzkoako Foru Aldundia, 2011) eta gaztaroarekin (La construcción social del Ideario Amoroso entre adolescentes guipuzcoanos-as, y su influencia en la violencia de género y en la salud integral, Medicus Mundi, 2016) erlazionatutako proiektuetan. USAC (University Studies Abroad Consortium) unibertsitatearekin ere kolaboratzen du irakasle eta ikertzaile moduan. Basque Gender Studies (2003) publikatu du eta Xamar-en Orhipean. El País del Euskara (2006) ingelerara itzuli du.