Isabel De Blas Buruaga
Isabel de Blas Buruaga Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua da (Deustuko Unibertsitatea, 1997) eta Diploma in Higher Education, Humanities Combined (University of Ulster- Ipar Irlanda, 1999) tituluduna, Ohorezko Aipamenarekin. Prestakuntza akademikoko etapa hau amaitzean, 2000 eta 2018 urteen artean hainbat erakunde, kooperatiba eta elkartetan soziologo gisa ibilbide profesionala egin du: euskara normalizatzeko udal-akordioaren koordinatzaile gisa eta aholkulari gisa kalitatea kudeatzeari buruzko gaietan zein komunikazio-harremanenetan ibili da. Gizarte-aholkulari gisa aritu da, gizarteratzeko gidak eta gizarteratzeko eta laneratzeko esperientzien sistematizazioa genero ikuspegitik eginez, gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan dauden kolektiboetako pertsonekin (etnia gutxituko testuinguru komunitarioko emakumeak, 45 urtetik gorako emakume langabeak eta adin txikiko etorkinak). Hainbat erakunderentzat genero-indarkeriari, ahalduntze feministari eta hezkidetzari buruzko aholkularitza lanetan ibili da.
Formatzaile homologatu gisa, Hobetuz erakunderako profesionalen prestatzaile lanak egin ditu eta Lanbiderako langabeen trebatzaile gisa aritu da ondoko gaietan: herritarren parte-hartzea, esku-hartze komunitarioa, gatazken prebentzioa eta genero-desberdintasuna. Parte-hartze prozesuen bideratzailea izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiko Partaidetza Zuzendaritzarekin batera. Zerbitzu sozial eta soziosanitarioen arloko fundazio baten berdintasun-proiektuen eta partaidetzaren arduradun gisa, gerontologia kritiko feministatik lan egin du Emakundek finantzatutako adinkeria sexistako tailerren sarea koordinatzeaz eta dinamizatzeaz arduratuz.
Ibilbide profesionaleko urte hauek ikasketa akademikoekin konbinatu ditu, Herritarren Partaidetza eta Komunitate-Garapena Master Ofiziala (EHU, 2015) eta Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako Agentea (Universidad de la Rioja, 2016) tituluduna izanik. Akademiatik at bestelako formakuntzak jorratu ditu, hala nola, komunikazioa psikologia humanistatik, Máster Practitioner en Programación Neurolingüística (2014) eta Gizarte-erakunde eta proiektuen kudeaketa (2013).
2020tik EHUko irakaslea da, Soziologia eta Gizarte Lan Sailean. Tesia “zaintzako ekimen komunitarioen harreman-dinamikak” izenburupean garatzen ari da Matxalen Legarreta Izaren gidaritzarekin eta “Cambiando los Paradigmas: Prácticas y discursos de las economías transformadoras en un contexto de urgencia ecosocial” estatu mailako proiektuaren markoan garatu da, bertako partaide izanik. “Hacia un currículum sensible al género en la formación inicial del profesorado (Simone)” eta “Desinstitucionalización del cuidado de larga duración e inclusión social: potencialidades, límites y tensiones de un modelo en transición frente al reto demográfico (DESINCARE)” estatu mailako ikerketa-proiektuen partaidea da. Baita EHUko i3KD Laborategia “Desvelando y gestionando las desigualdades de género en Sociología y Ciencia Política” Berrikuntza Proiektuan parte hartzen du ere.