Mari Luz Esteban Galarza (Koordinatzailea)
MARI LUZ ESTEBAN Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatu (EHU, 1983) eta Familia Plangintza zentro batean lan egin zuen Basaurin (Bizkaia). 1993. urtean Kultur Antropologian doktore titulua lortu zuen Barcelonako Universitat-ean, eta 1994an, unibertsitatean hasi zen lanean: lehenik, Leongo Unibertsitatean (1994-1996), gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1996-1998), eta 1998tik aurrera EHUn, non Gizarte Antropologia irakasle titularra eta AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeko koordinatzailea den.
Doktore tesia aurkeztu ondoren, ikuspegi teoriko-metodologiko berria garatzen hasi zen: gorputzaren antropologia. Arlo horretako bere argitalpen nagusiena hauxe da: Antropología del cuerpo. Género, itinerarios corporales, identidad y cambio (Barcelona: Edicions Bellaterra, 2004). 2011n, maitasunaren inguruko diziplinarteko proiektu baten ondorioz, Crítica del Pensamiento Amoroso (Barcelona: Edicions Bellaterra, 2011) liburua argitaratu zuen, ideologia erromantikoaren berrikuspen teorikoa eta maitasun eta generoaren inguruko etnografia landuz.
Bere lanek badute proiekzioa unibertsitatean baina baita bestelako eremu sozial eta politikoetan ere, batez ere, arlo feministan.
Saiakerez gain, hiru poesia-liburu ditu argitaratuak: Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013), Andrezaharraren manifestua (Pamiela, 2019) eta Haragizko Erreformak(Pamiela, 2023)