Carmen Díez Mintegui
CARMEN DIEZ MINTEGUI (DONOSTIA 1948). Antropologia Feminista eremuan aritu da 1980. hamarkadatik, Teresa del Valle antropologoaren zuzendaritzapean Euskal Herriko emakumeen egoerari buruzko ikerketa egin zuen taldean egon zenetik. Azterlan hori Mujer Vasca: Imagen y Realidad (Bartzelona: Anthropos,1985) izenarekin argitaratu zen. Filosofian (Kultura eta Balioak espezialitatean) lizentziatu zen 1986. urtean UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, eta bere doktorego-tesia defendatu zuen 1993. urtean fakultate berean. Euskal Herriko bi eremuetako emakumeen lan-jarduera modu konparatiboan aztertu zuen ikerketa horretan.
1989an hasi zen UPV/EHUko Filosofia eta Balio Sailean eskolak ematen, eta sail horretan bertan Gizarte Antropologiako lizentziaturako irakaslea izan da 2013. urtean erretiroa hartu zuen arte. Ondoren, Laguntzaile Akademiko izan da 2017. urtera arte. Bere jarduera akademikoaren baitan, kudeaketa lanak ere egin izan ditu. Bitan Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanordea izan da. Bestetik, diziplinaren erabateko onarpena lortzeko 2004an sortu zen Antropologia Graduaren Estatuko Batzordean (CEGA) parte hartu izan du. Halaber, FAAEEk (Espainiako Estatuko Antropologia Elkarteen Federazioa) hiru urtean behin antolatu dituen Antropologia Kongresuen baitan, Genero Antropologia eta Antropologia Feministaren inguruko sinposioak koordinatu ditu 1980tik aurrera beste hainbat kiderekin batera.
Bakarka zein kolektiboan egin dituen ikerketek honako gai hauek aztergai izan dute: boterea, aldaketa, sozializazio-prozesuak, irudi mitologikoak, eta berdintasun-eskaerekin eta kirolarekin zerikusia duten gatazkak.