Miren Guilló Arakistain

Ekoizpen Zientifkoa

ORCID

Miren Guilló Arakistain antropologoa eta irakasle agregatua da UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean. AFIT Antropologia Feministako Ikerketa Taldeko (UPV/EHU) kidea da. Ikasketa Feminista eta Generokoetan doktorea (2020), Gizarte eta Kultur Antropologia (2012), Pedagogia (2006) eta Gizarte Hezkuntza (2004) ikasketak ditu. Atzerriko unibertsitateetan zenbait egonaldi egin ditu: hala nola, UC Berkeley (2012), UC San Diego (2013) eta Ljubljanako IRSA (Inštitut za razvojne in strateške analize- Institute for depelopmental and strategic analysis) ikerketa-zentroan (2014).

Bere ikerketetan baliatutako ikuspegi teoriko nagusiak  gorputzaren eta afektuen teoria sozialak, medikuntzaren eta osasunaren antropologia, epistemologia feministak, mugimendu sozialak eta LGTBI+ ikerketak dira. Era berean, bere ibilbide akademikoa eta soziala ezagutza eraikitzeko prozesu kolektiboekiko, memoria sozialekiko eta talde-prozesuekiko interesek zeharkatu dute.

Bere doktore-tesian (UPV/EHU, 2020) hilekoaren politika eta kultura alternatiboei buruzko etnografia bat abiapuntutzat hartuz aldaketa sozial eta kultural desberdinak aztertu ditu; gorputzarekin, osasunarekin, feminismoaren zein generoaren konfigurazioekin eta kontsumo gizartearekin lotutako eraldaketak, baita afektuak eta ezagutza eraikitzeko prozesu kolektiboak ere. Ikasketa Feministei buruzko UPV/EHUko tesi onenaren Micaela Portilla Saria eta UPV/EHU Doktoretza Sari Berezia jaso ditu. Ikerketa hori izan da Sangre y resistencia. Políticas y culturas alternativas de la menstruación (Bellaterra, 2023) eta Odolaren matxinadak. Gorputza, politika eta afektuak (2024, UPV/EHU) liburuen jatorria.

Gaur egun “Dislocando las fronteras del conocimiento, el género y el parentesco. La amistad como política y redefinición de los afectos y la reciprocidad” (ADISKIDE, PID2022-137967NB-I00) ikerketa-proiektuan dihardu. Halaber, AFITeko ikertzaile gisa mugimendu sozialen arteko aliantzak eta parte-hartze politikorako espazio kolaboratiboak aztergai dituzten zenbait ikerketa-proiektutan parte hartu du. Besteak beste, SOLIDARY. Nuevas solidaridades, reciprocidades y alianzas: la emergencia de espacios colaborativos de participación política y redefinición de la ciudadanía (2018-2022) ikerketa-proiektuan, edota mugimendu feminista eta Emakumeen Etxeei (2021) edota Pandemiak Euskal Herriko mugimendu sozialetan izandako eraginari (2022) buruzko ikerketetan. Era berean, Festak, genero-harremanak eta feminismoa: Begirada teoriko eta antropologikoak, praktika sortzaileak eta plazeraren kudeaketa kolektiboak (2016, UEU Udako Euskal Unibertsitatea) liburua koordinatu du.

Irakaslea da Gizarte Antropologiako graduan, UPV/EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterrean eta UPV/EHUko Gizarte Antropologiako Masterrean. Gizarte Antropologia Graduko koordinatzailea da.

Laboratorio Saperi Situati (Universitá di Verona) eta SMCR (Society for Menstrual Cycle Research) ikerketa-sareetako kidea ere bada, baita ANKULEGI Euskal Antropologia Elkartekoa ere, 2015-2020 artean bertako lehendakaria izan zelarik.