Miren Guilló Arakistain
Miren Guilló Arakistain antropologoa eta irakaslea da UPV/EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean. Gizarte Hezkuntzan (UPV/EHU, 2004) diplomatua, Pedagogian (UPV/EHU, 2006) eta Gizarte eta Kultur Antropologian (EHU, 2012) lizentziatua, eta Ikasketa Feminista eta Generokoetan doktorea (EHU, 2020) da. Intereseko ikerketa-ildotzat ditu: medikuntzaren eta osasunaren antropologia, emozioen eta gorputzaren teoria soziala, genero-sistemak, epistemologia feministak eta korporalak, ezagutzaren prozesu kolektiboak, gizarte-aldaketa eta agentzia-prozesuak.
Bere doktore-tesian hilekoaren politika eta kultura alternatiboak aztertu ditu, berauetan gertatzen diren gorputz-ideologiak, genero-konfigurazioak zein agentzia prozesuak erreparatuz, horretarako proposamen eta prozesu horien dimentsio politikoa, afektiboa eta fisikoa uztartu dituen gorputz-etnografia bat garatuz. Ibilbide horretan esanguratsuak izan dira atzerriko unibertsitateetan egindako egonaldiak: hala nola, UC Berkeley (2012), UC San Diego (2013) eta Ljubljanako IRSA (Inštitut za razvojne in strateške analize- Institute for depelopmental and strategic analysis) ikerketa-zentroan (2014).
AFIT (UPV/EHU) (GIC15/126) Antropologia Feministako ikerketa taldeko kidea da eta hainbat ikerketa proiektutan parte-hartu du: besteak beste, “SOLIDARY. Nuevas solidaridades, reciprocidades y alianzas: la emergencia de espacios colaborativos de participación política y redefinición de la ciudadanía” (MINECO CSO2017-82903-R) edota “Komunitateak ehunduz herri ekimenetatik” (Gipuzkoako Foru Aldundia-UPV/EHU). Halaber, Laboratorio Saperi Situati (Universitá di Verona) ikerketa-taldeko kidea, SMCR (Society for Menstrual Cycle Reasearch) eta RedCAPS (Red de mujeres profesionales de la salud) ikerketa-sareetako kidea da, baita ANKULEGI Antropologia elkarteko lehendakaria ere (2015-2020).
Bestalde, antropologia feminista eta gorputzaren teoria soziala, festaren antropologiaren eremuarekin konbinatuz festak eta festa-politikak genero ikuspegitik aztertzeko ikerketa-ildoa landu du. Era berean, zenbait urtez pedagogiaren arloan egin izan du lan, hainbat elkarte eta proiektutan partehartuz, non hezkuntza-berrikuntza, gai sozialak eta gorputz eta genero gaiak uztartu diren. Jarduera horietan aritu den azken garaian, proiektu horiei antropologia feministaren ikuspegia aplikatuz.