Deskribapena

Covid-19k eragindako pandemiak I. Antropologia Feminista Kongresua egitea eragotzi digun bi urteren ondoren, honako hau jakinarazi nahi dizuegu: UPV/EHUko AFIT (antropologia feminista) ikerketa-taldeak eta Ankulegi Elkarteak kongresuaren antolaketari berriro ekitea erabaki dugula, Estatuko zein beste unibertsitate batzuetako antropologoen laguntzarekin. Antropologia Feminista Kongresua 2022ko ekainaren 8, 9 eta 10ean izango da, eta izenburu hau izango du: “Ezagutza eraldatuz. Deserosotasuna biziz”.

Antropologia feminista XX. mendearen hirurogeita hamarretan sortzen da, nahiz eta lehenago ere hainbat aurrekari esanguratsu egon. Testuinguru historiko eta geografikoen arabera, izen eta garapen teoriko-metodologiko ezberdinak (izan) dituen eredu teorikoa da, mota guztietako gai eta azterketa-arloetan aplikagarria.

Bere helburu nagusietako bat diziplina barruko zein kanpoko ezagutza eta errealitatea aldatzea da eta horretarako ezarritakoari aurre egin behar zaio eta deserosotasuna apustu kontzeptual, pertsonal eta politikoa bihurtu beharra dago.

Espainiako estatuari dagokionez, eremu hau asko hazi da azken hamarraldietan, hainbat ikerketa-talderen jardunak eta aldian-aldian ospatzen diren antropologia-kongresuetan duen presentziak argi uzten dutenez.

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) antropologoek uste dugu gaur egun une aproposean gaudela ikasketa hauen egoera aztertu eta elkarrekin eztabaidatzeko, honako aspektuak aintzat hartuz: egiten ari diren ekarpenak, proposamen teoriko-metodologiko ezberdinak, beste diziplinekiko harremanak, dimentsio aplikatua eta gizartean txertatzeko moduak eta aurretik ditugun erronkak.

Kongresuak mahai-inguruak izango ditu honako lau ardatz hauen ingurukoak: genealogia, teoria, metodologia, eta feminismoarekiko eta gizartearekiko harremanak. Era berean, kongresuak hainbat panel tematiko izango ditu bidean dauden ikerketen emaitzak aurkeztu ahal izateko. Mahai-inguruetan eta gaikako paneletan ekarpen lokalak eta nazioartekoak jaso nahi ditugu.

Lehen zirkularrean informazio zehatzagoa eskainiko dugu programa, komunikazioen bidalketa eta izen-emateari buruz.